Duela gutxi Urruñan inauguratu duten abentura parkea bisitatzea erabaki genuen joan den igandean: Wow Park . Lehengo Florenia edo Eco Parc gunea zena xarmaz beteriko baso bilakatu dute gure ume txikientzat.
Bero handiko eguna zen; beraz, aukera aparta izan zen.
Wow Park eguberriko edo udako egun bat pasatzeko aukera paregabea da 2 eta 12 urte bitarteko umeekin.
Parkearen ibilbidean zehar hainbat jarduera aurkitzen ditugu eta guztiak adinaren arabera daude sailkatuta: beltza 12 urtetik gorakoentzat, gorria 8 urtetik gorakoentzat, urdina 5 edo 6 urtetik gorakoentzat eta berdea 2 urtetik gorakoentzat. Nolanahi ere, adierazten diren zailtasun mailek orientazio izaera dute; izan ere, umeak ausartak badira, jarduera guztietan har dezakete parte.
Parke osoan etxolak aurkituko ditugu zuhaitzetan, eta haien artean jarritako sokazko zubien bidez daude komunikatuta. Zubien amaiera txirrista handiak daude, eta haietatik pozaren pozez jaitsi ziren umeak. Soka horien gainetik paseatzea sekulako pribilegioa izan zen, handik ikusten zen paisaia zoragarria baitzen. Haietako batean genbiltzala, laku baten gainetik pasa ginen eta koloretako arrainak ikusi ahal izan genituen, baita dortokaren bat ere.

Tirolinak zoragarriak dira adin guztientzat, kontuan izanda tamaina desberdinak daudela. Gure lau urteko umeek ez zuten inolako arazorik izan haietan behin baino gehiagotan ibiltzeko.
tirolina txikia
Wow parkeko tirolinak
Ohe elastikoak eta ur-ohe bat ere aurkitu genituen. Han, umeek primeran pasa zuten itzulipurdika.

urez beteriko ohe elastikoa

Donutsekin jaistea izugarri dibertigarria izan
zen.

donutsekin jaisten
Parkea zoragarria da: zuhaitz erraldoiez dago inguratua eta landaretza aberatsa du. Umeak han korrika ibili ahal dira inolako arriskurik gabe. Bide bakarra dago eta oso ongi asfaltatuta dago ume txikien aulkitxoekin ibiltzeko. 
Ibilbidean zehar mahaiak eta aulkiak daude piknika egiteko. Parkean dauden gaztelu puzgarrietako baten ondoan bazkaltzea erabaki genuen. Txanpinoi forma zuen eta gu oso lasai egon ginen bertan. Gure ondoan hamaka batzuk zeuden, siesta bat egiteko ezin apartagoak.
Parkea ez da handiegia; hala ere, gure umeek hainbeste disfrutatzen zuten jarduera bakoitzarekin, non asko kostatu baitzitzaigun beste gune batera bideratzea eta horregatik ezin izan genuen osorik ikusi. 
Parkearen barruan ez genuen aurkitu inolako tabernarik edo kafetegirik (duela gutxi inauguratu dute parkea). Komunak daude parkean zehar. Ume txikiei pardela aldatzeko toki bat dago eta umeentzako komun txikiak ere bai, eta hantxe berriro bete ahal ditugu ur-botilak (ura edangarria da). 
Parkea bisitatzeko interesa duzuenentzat, hainbat datu erabilgarri uzten dizkizuegu jarraian:
Helbidea: 11, chemin du Bittola. Urruña. 
Doako aparkalekua. 
Ordutegia: HEMEN 
Prezioak: 2 eta 4 urte bitarteko haurrentzat eta 65 urtetik gorakoentzat: 7 €, eta 5 urtetik aurrerakoentzat: 13€. 5 pertsonak baino gehiagok osatutako taldeentzat badago tarifa murriztu bat, eta tarifa horrekin 13 € ordaindu beharrean, 11 ordaintzen dira. 
Barruan egonez gero, jarduera guztiak doan dira. 
Erretzaileentzako guneak daude parkeko hainbat tokitan. 
Facebook: Wow Park Urrugne.